Kartela

THE PRETENDERS

THE PRETENDERS

14 Ostirala

THE PRETENDERS

Hereford (Erresuma Batua) - 1978

The Pretenders, rock alternatibo eta new wave taldea, Chrissie Hynde abeslari eta gitarristak sortu zuen 1978an, Hereforden, Ingalaterran. Hynde Akronen jaio zen, Ohion (Estatu Batuak), eta, 1970eko hamarkadaren hasieran, Londresera joan eta hango musika-giro bizian murgildu zen. The Pretenders sortu aurretik, Chrissiek hainbat artistarekin lan egin zuen, tartean Sex Pistols eta The Damned.

The Pretendersen izen bereko estreinako albuma 1980an kaleratu zen. Zenbait doinu arrakastatsu izan zituen; esaterako, Brass in Pocket, taldearen lehen “hit” handia, dagoeneko klasiko bihurtua, eta Erresuma Batuko zerrendetan lehen postura iritsi zena. Hauek ziren taldeko kideak: Hynde (ahotsa eta gitarra), James Honeyman-Scott (gitarra), Pete Farndon (baxua) eta Martin Chambers (bateria).  Formazio arrakastatsu hura tragediak jo zuen, Honeyman-Scott eta Farndon 1982an eta 1983an hil baitziren, hurrenez hurren, drogekin zerikusia zuten arazoen ondorioz. Galera horiek izan arren, Hyndek aurrera egin zuen proiektuarekin, eta The Pretenders gidatzen jarraitu zuen.

Taldeak goranzko ibilbideari eutsi zion, geldiezin, eta erabateko arrakasta izan zuten zenbait kantu kaleratu zituen: Back on the Chain Gang, I’ll Stand by You eta Don’t get me wrong, besteak beste. Chrissie Hynde, urteak joan urteak etorri, konpositore eta abeslari bertutetsu gisa ez ezik, musika-eszenan oso eragin handia duen pertsonaia gisa ere nabarmendu da, bere estilo bereziagatik eta rocka askotariko estiloekin uztartzeko duen gaitasunagatik ezaguna.  Musikan izan duen arrakastaz harago, Hynde hainbat kausatan egindako aktibista-lanagatik ere nabarmendu da, eta ondare sendoa utzi du, bai musikaren munduan bai konpromiso sozialari dagokionez.

2023ko irailean, haien hamabigarren lana argitaratu zen, Relentless. Lehenik, Let the Sun Come In single nagusia kaleratu zen. Chrissie Hyndek eta James Walbournek (gaur egungo gitarra-jotzaile nagusia eta The Pogues eta The Rails taldeetako kide ohia) elkarrekin konposatutako diskoa da, eta taldeak azken 23 urteetan gehien saldu duena. Izan ere, Erresuma Batuko Top 40ra iritsi da. Kritikarien laudorio ugari jaso du:

MOJOk honela deskribatu zuen: “Kantu distiratsuak etengabe… Segur aski, Chrissie Hyndek beti nahi izan zuen The Pretendersen soinua horrelakoa izatea”.

The Observer: “Inspiratzen gaituen ibilbide luze bat”.

Record Collectorrek “The Pretendersek 20 urtean egindako diskorik onena” goraipatu zuen, eta bost izarreko kritika egin zion.

Uncut Magazineren esanetan, diskoa “Chrissie Hynderen heldutasun berria” da.

The Timesek hau aldarrikatu zuen: “Hau da The Pretenders bere une rockerorik onenean”.

I Newspaperrek “zinezko asmo-adierazpena” goretsi zuen.

The Telegraphek bide beretik jo zuen: “Agian, Relentless izango da urte osoan entzungo duzun gauzarik zirraragarrienetako bat”.

The Pretendersek, urteetan zehar izandako formazioen bitartez, arrasto ezabaezina utzi du musikan, eta rockaren benetako ikono gisa duen posizioa sendotu du.

Itzuli

Gure cookieak eta hirugarrengoenak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak analizatzeko eta zure nahiekin lotura duen publizitatea erakusteko, zure nabigazio-ohituren arabera (bisitatutako orriak, esaterako) egindako soslaian oinarrituta. Informazio gehiago lortu eta zure preferentziak konfiguratu nahi badituzu, HEMEN egin dezakezu.
Cookieak Onartu Cookieak Baztertu