Kartela

THE CULT

THE CULT

23 Ostirala

THE CULT

Bradford (Erresuma Batua) - 1.983

The Cult, hard rock talde britainiarra, 80ko hamarkadan sortu zen. Hain zuzen ere, sasoi hartan, haren liderra, Ian Astbury (1962ko maiatzaren 14an jaioa Heswallen, Chesiren), familiarekin Eskozian eta Kanadan ibili ondoren, Erresuma Batura itzuli eta hasiera batean Southern Death Cult izena eduki zuen taldea sortu zuen.

Kanadan ibili zenean, Ianek harremana izan zuen gazte indiar batzuekin, Torontotik hurbileko erreserba batean, eta horrek eragina izan zuen haren kantuen zenbait hitzetan.

Bien bitartean, Billy Duffy gitarrista (1961eko maiatzaren 12an jaio zen, Hulmen, Manchesterren) The Nosebleeds punk musika taldeko kidea zen, Morrisseyrekin batera. Bigarren horrek, gerora, The Smiths taldearekin izan zuen arrakasta.

Aurretik zituzten proiektuak utzi ondoren, 1983an, Ian Astburyk eta Billy Duffyk elkar ezagutu eta Death Cult talde berriaren ibilbideari ekin zioten, Jamie Stewart baxu-jotzailearekin eta Ray Mondo bateria-jotzailearekin batera.

Zenbait EP grabatu eta kide batzuk aldatu ondoren, The Cult taldeak 1984ko apirilaren 4an egin zuen debuta izen horrekin, Spiritwalker singlea kaleratuz. Bertan, Astburyren ahots-gaitasunarekin eta presentzia nabarmentzen ziren, eta Billy Duffyk gitarra-jotzaile talentuduna zela erakutsi zuen.

Taldea Love (1985) diskoa argitaratuz finkatu zen.

Behin betiko hauspoa bi urte geroago jaso zuen The Cultek, azken hamarkadetako ekoizle handienetako baten eskutik: Rick Rubin. Talde britainiarra hard rock soinu baterantz eraman eta The Culti nazioarteko ospea eman zion.

Bob Rockek ekoiztu zuen hurrengo LPa, Sonic Temple (1989). Lan horretan, Mickey Curryk jardun zuen baterian, Les Warnerren ordez, eta Iggy Popek koruak egin zituen New York City kantuan.

Disko horren ondoren, hau zen The Culten osaera: Ian Astbury eta Billy Duffy bi liderrak, Jamie Stewart jatorrizko kidea, eta, zuzeneko emanaldietan, Matt Sorum bateria-jotzailea, zeinak taldea utzi eta Guns N ‘Rosesekin bat egin zuen.

1991n, Cremony LPa iritsi zen. Charlie Draytonek Stewart ordezkatu zuen, eta Tom Pettyk ere parte hartu zuen, teklatuak joz.

1993an Pure Cult bilduma argitaratu zuten, eta lehen zenbakira heldu zen Erresuma Batuan.

1994an The Cult diskoa iritsi zen, berriz ere Bob Rock ekoizle zela. LP honetan zenbait hildako ezagunen omenezko kantu bat dago (Kurt Cobain eta River Phoenix aktorea, esaterako), Sacred Life. Lan hori argitaratu ondoren, barneko tirabirak zirela-eta, taldeak banatzea erabaki zuen.

Zenbait urtez nor bere aldetik ibili ondoren, The Cult 1999an itzuli zen. Hain zuzen ere, Gone in 60 seconds filmeko Painted on my heart kantua egin zuten, Dianne Warrenena.

2001ean, kide batzuk aldatuta, eta ostera ere Bob Rockek ekoiztuta, Beyond good and evil eman zuten argitara.

2005ean The Cultek berriz ekin zion jardunari, zuzenekoak emanda, Atsburyk The Doorsen revival batean parte hartu ondoren.

Geroago, beste LP batzuk iritsi ziren: Born into this (2007), Choice of weapon (2012), Hidden City (2016). Haien Love Removal Machine kantua It beldurrezko filmaren soinu-bandan sartu zen, 2016an halaber.

The Cult, hard rockeko talde handia, 40 urtetik gorako ibilbidea egin ostean, estudiora itzuli da 2022, Under the Midnight Sun bere azken diskoa grabatzeko. Haien beste kantu bikain askorekin batera, 2023ko ekainean BBK BILBAO MUSIC LEGENDS FEST jaialdian emango duten kontzertuan gozatu ahal izango dugu lan berri horretaz.

Itzuli

Gure cookieak eta hirugarrengoenak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak analizatzeko eta zure nahiekin lotura duen publizitatea erakusteko, zure nabigazio-ohituren arabera (bisitatutako orriak, esaterako) egindako soslaian oinarrituta. Informazio gehiago lortu eta zure preferentziak konfiguratu nahi badituzu, HEMEN egin dezakezu.
Cookieak Onartu Cookieak Baztertu