Kartela
SAMANTHA FISH
SAMANTHA FISH
Kansas City, Missouri (A.E.B.) - 1989
Samantha Fishentzat, zuzeneko emanaldiak dira bere musika izaki bizidun bihurtzen diren uneak. «Diskoak egitea da gehien maite dudan gauzetako bat; aukera bat neure burua eta neure soinua berrasmatzeko», dio. «Baina abestiek oholtza gainean hartzen dute bizia. Sentitzen dut entzuleekiko lotura handiagoa dela eszenatokian nagoenean. Energia horrek zerbait berezia du: gordina da, biribildu gabea, konponketa eta edizio handirik gabea. Une hori nola baliatu, horixe da kontua, eta funtsezkoa da hori atzematea».
2024. urtea berezia izan da Samantha Fishentzat, Gramyy saria irabazteko izendapena jaso baitu, bere kolaboratzaile Jesse Daytonekin batera, Death Wish Blues diskoagatik. Debutean, diskoa Billboard Blues Charts zerrendako lehen postura iritsi zen, eta hor iraun zuen hiru astean. Hartara, arrakastatsuenen zerrendan dagoen Fishen bosgarren diskoa izan da. Udan, biran ibili zen Slashekin, haren S.E.R.P.E.N.T. Tour jaialdi ibiltarian, eta hasierako artista modura aritu zen Rolling Stonesen Ipar Amerikako biraren azken emanaldian. Udazkenean Experience Hendrix Tour biran izango da, eta zenbait blues-musikari garaikiderekin batera jardungo du agertokian: Kenny Wayne Shepherd, Eric Johnson, Christone «Kingfish» Ingram. Fishek lanaren etika zorrotza du, eta indar biziko 200 emanaldi egiten ditu urtean. Hala, bere blues gordineko nahasketa apartak gero eta entzule gehiago liluratuko dituela bermatzen du.
Samantha Fishek aitortza ugari lortu ditu, Guitar World eta Vintage Guitar aldizkarien azaletan agertu da, eta kritikarien laudorioak jaso ditu garrantzizko zenbait argitalpenetan. The New York Times egunkariaren esanetan, «jardunean dauden blues musikarien artean, etorkizun oparoena duenetakoa da», eta haren ahots indartsua eta gitarrartekin egiten duen lan kementsua goraipatzen ditu. No Depression-ek haren moldakortasuna goresten du: «Samantha Fishek countryan zeharreko bidaian eraman zaitzake, zure bluesari hegan eginarazi diezaioke, edo rock zaratatsuaz kolpa zaitzake». Garden & Gun-ek goratu egiten du, «gitarraren munduko beste jotzaile berri handi bat» dela esanez, eta Guitarist Magazine ere bat dator: «Kontuan hartu beharreko indarra da Fish».