Kartela
LITA FORD
LITA FORD
Londres (Erresuma Batua) - 1958
Lita Forden ibilbidea 1975ean hasi zen, hard rock / punk Edge estiloko The Runaways (Los Ángeles, AEB) emakume-taldeko sortzaile eta gitarra-jotzaile gisa. Taldeak zenbait kantu arrakastatsu izan zituen, hala nola Cherry Bomb eta Queens of Noise.
1983an, Litak bakarkako bideari ekin zion, Out For Blood debuteko diskoa plazaratuz. Urtebete geroago, Dancin´ on the Edge kaleratu eta, horri esker, Grammyrako izendapena lortu zuen, Emakumezkoen Ahozko Rock Interpretaziorik onenaren kategorian. Disko horretako Fire In My Heart eta Gotta Let Go kantuak MTVren lehen postuetaraino iritsi ziren.
2018an, Lita izeneko disko multiplatinoaren 30. urteurrena bete zen. Lan horrekin, musikaren industriako emakumezko interpretatzailerik garrantzitsuenetakoen artean finkatu zen Ford, eta “Metalaren Erregina” izendapena ere eman zioten. Disko hartan zeuden mundu osoan arrakasta izugarria izandako Kiss me Deadly (MTV VMA sarietarako izendatua, emakumezko baten urteko bideo onenaren kategorian) eta Close my Eyes Forever balada, Ozzy Osbournerekin batera egindakoa, eta 25 astez egon zena Billboarden top 10ean.
Haren ondorengo hiru diskoetan, Stiletto, Dangerous Curves eta Black, hiru kanta arrakastatsu izan ziren, Hungry, Playin’ with Fire eta Shot of Poison. Horiei esker, Grammyrako izendapena lortu zuen berriro.
13 urteko atsedenaldi baten ostean, 2008an Lita agertokietara itzuli zen, sekula baino indar handiagoz. Living Like A Runaway eta Time Capsule argitaratu ondoren, 2014an bi aitortza egin zizkion industriak, emakumeek musikan dute rola betiko aldatzeagatik: Guitar Player Lifetime Achievement Award saria eta Guitar Player Certified Legend Award delakoa. Bigarren horri esker, gainera, Guitar Playersen Ospearen Aretoan sartu zen.
2017ko She Rocks sariketan, Ikono Sari gutiziatua jaso zuen Litak, baita Rock Gitarraren “Lehen Dama” titulua ere. Laura B. Whitmorek, She Rocks Sarien ekoizleak, hau esan zuen: «Bakarlari gisa, talde bateko kide gisa zein guitar shredder gisa, Lita Ford benetako aitzindaria da, hesiak apurtu dituena eta gaur egungo emakume gitarra-jotzaileak inspiratzen dituena». Fordek jarraitzen du musikari izan nahi dutenei adorea eta inspirazioa ematen, irakaskuntzaren eta tutoretzaren bitartez, Rock and Roll Fantasy Camps delakoarekin egiten duen lana dela medio.
Gaur egun, Litak baditu ospe handiko beste sari batzuk ere: Hollywood FAME Producers Choice «Icon» Lifetime Achievement Award; «Legend» Inductee Nomination delakoa, Heavy Metalaren Historiaren Ospearen Pasealekuan (2029); eta Morice II B.C. Rich Warlock bere gitarra ikonikoa ikusgai egotea Rock & Rollaren Ospearen Aretoko atari nagusian, Ohioko Cleveland hirian.
Fordek eta haren taldeak biran jarraitzen dute, Estatu Batuetan eta mundu osoan ekitaldi handien buru izaten.